16/10/2026
Ekologian oinarritutako bi liburu berri ditugu salgai, auto opari gisa zein beste norbaiti oparitzeko aproposak!! Bata Leire Mendiburuk euskarara ekarritako "Ekologia pirata baten alde eta aske izango gara" eta, bigarrena, Eider Beobidek itzulitako "Lehen astinduak-Iraultza ekologista bat".
EKOLOGIA PIRATA BATEN ALDE
Gaur egungo Europan proiektu ekologista bat behar dugu politika itogarriei aurre egiteko. Auzo herrikoietan sustraitua, lurrari lotua eta mugitzeko askatasuna ardatz izango duena. Proiektu bat Afrikari begirako fronte internazionalista zabal bat eraikiko duena beroketa klimatikoaren eta bizitzaren suntsipenaren kontra. Proiektu bat Mediterraneoa eremu autonomo bilakatuko duena, Iparraldearen zein Hegoaldearen arpilatzea eteteko. Proiektu bat lurren, animalien eta gizakiaren duintasuna lotuz eraikiko duguna. Proiektu bat bere gain hartuko duena eskuin-mutur gero eta erasokorragoari aurre egitea. Proiektu bat lan militanteaz gain, literatura denon eskura jarriko duena. Proiektu bat haurrak aintzakotzat hartuko dituena eta haien askapena ere bilatuko duena. Proiektu hori da ekologia piratak proposatzen duena.
LEHEN ASTINDUAK
Kapitalismoak, gobernuekin eta administrazioarekin aliantzan, landak, mendiak eta ibaiak suntsitzen ditu hormigoiarekin eta asfaltoarekin, autobide berriekin eta abiadura handiko trenbideekin, ur-biltegi handiekin eta aireportuekin. Baina kapitalismoaren suntsiketa bezain zaharra da haren aurkako erresistentzia: iparraldetik hegoaldera aldarrikatzen du lurra eta ura guztiona dela. Azken urteotan Europan egon den mugimendu zabal, erradikal eta irudimentsuena da Lurraren Altxamenduak eta liburu honetan haien lanaren zergatia, haien ekologismo erradikala, haien lurrarekiko engaiamendu antiarrazista azaltzen dute: abesti puskekin, diskurtso sofistikatu eta poetiko batekin, argazki eta planoekin, adibide zehatzekin, militantzia ulertzeko eredu gaurkotuekin.
Zatoz eta eman begiratu bat!!